Centro de Documentación da AELG
Vigo, hiri-paisaia
Autores/as relacionados/as:

Vigo esnatzen denean eta nagiak botatzen dituenean, goizean goiz, espartzuko biloa du, sasi katramilatu baten erroen modura nahasia. Bere ukimenak Idazleren larruazala zarrastatzen du apar-harrizko belaki baten modura. Farolen argi goibelek oraindik hiria argitzen dute, lainoak kaleak estaltzen ditu eta arimen argiak pizturik dituzten ibilgailuen zirkulazio bizia. Idazlek edalontzi bat kafesne berotzen du mikrouhin-labean, likidoa baita bere gorputzak astegunetan onartzen duen gosari bakarra, lan egitera joan behar denean. Idazlek lan egiten baitu. Vigon, edo Galiziako beste edozein lekutan, idazketak ez baitio inola ere bizitzeko ematen, hartara, Idazlek beste gauza batean lan egiten du. Orain Idazle argitalpenaren mertzenarioa da baina institutuko irakasle, hedabideren bateko kazetari edo beste hainbat gauza gehiago ere izan daiteke.
Kafesnea irrikaz irentsi, mahai gainetik autoko giltzak hartu eta etxetik isilpean ateratzen da. Igogailuaren zain dagoen bitartean, gogora dakar, egunero bezala, eleberri hori idaztearen egitasmoa, ausarki modernoa, egiteke duena: hain zuzen ere, haren ekintzaren laurdena igogailu batean garatzen da. Igogailua, asmakizun aparta. Nahiz eta apartekoena, ezbairik gabe, elektrizitatea izan, baiki, hauxe gabe ez baita posible igogailuan jaisterik, ez esnea mikrouhin-labean berotzerik, baina era berean ez da posible ordenagailuarekin idazterik, ez egunsentia urratuz egiterik.
Garajeko atea, egunero bezala, itxita dago. Idazlek giltza galtzaren poltsikoan bilatzen du eta garajearen espazio itxian sartzen da, grisaxkan, isiltasun trinkoan. Urratsak entzuten dira handik eta hemendik.  Soilik autoaren siluetek zelatatzen dituzte beren mugimenduak espazio zabal horretan barrena bere ibilgailuetarantz doazen pertsonenak. Garaje guztiek sortzen diote izu sentsazioa. Toki hain samingarri hura (gerraren bat egotekotan beti topatuko luke bertan bonbardaketez babesteko aterpe bat, ziur zegoen), toki hura, zioen, beldurrezko erlatu bat girotzeko erabili nahiko luke noizbait. Berak izua ulertzen zuen moduko beldurrezko erlatua izango zen, noski, gizarte hiritar garaikideari sakonki uztartua –baina ia hautemanezina-. Berak, zalantzarik gabe, sekula ez luke hemeretzigarren mendeko kutsua lukeen beldurrezko erlaturik idatziko, Lovecraft-en estilokorik, eta ez lituzke erromantizismoaren baliabide errazak erabiliko: ekaitzak eta hilerriak (gainera, benetan, tximistorratzak eta asmatu zituztenetik hori guztia demodé zegoen); izu garaikidea ikusezina da, hautemanezina, egunerokotasunean modu subliminalean kokatua baitago, ohikeria beraren ohituretan. Izua, gaurkoz, gizartearen beraren neurosi eta harriduran iltzaturik dago, eta jada ezin da oinarritu ezezagunari diogun ikara horretan. Gainera, Idazlek berak dentista du izu gehien sorrarazten dioten gauzetariko bat; beldurra sarrarazi zioten beti. Izan ere, giro klinikoa obsesiboa izan ohi dela ez baita gezurra, eta gainera, dentisten tresnak armiarma-gorputz sintetiko eta erraldoiak dirudite, hanka aniztunak, gaixoengan beldurra sarrarazteko pentsatuak.
Idazle autoan sartu zen eta, garajearen suge itxurako galerietan barrena maniobratuz, kalera irten zen. Ordu laurden barru bere lanpostuan egon beharra zuen. Travesía de Vigora bizkor heldu zen, Vía Nortean zehar Urzaizerako bidea hartu zuen eta Alfonso XIIIan behera egin zuen Arealgo tunela uztartzeko, Lonxa de Altura do Berbésaren aurrean uztear zuena, eta bertatik putz batean egongo zen lantokian. Hara heldu zenerako, jada egunsentia etorria zen. Jendeak autoak bizkor gidatzen zituen, oraindik argi piztuekin, euren lanpostuetarantz.  Urrezko eta lainozko argi bat Berbésen gainetik goratzen zen eta batzuk besteen aurka lapa zurien modura pilatzen ziren eraikuntzen ingeradak zehaztasunez bereizterik ez zuen uzten. Antxetek portuaren gainetik hegaka zebiltzan, trailer, zakar-edukiontzi, kaixa eta lurreko arrain-hondarren gainean pausatuz. Itsasoa, harroturik, berde dirdira zuen, esmeralda. Cangaseko itsasontzia sartzen zen moilan. Emakume batek lurrera jauzi egin zuen eta moilan barrena bere lantokia zen tabernarantz zuzendu zen. Ordu erdira laginleentzako tortillak egiten egongo zen. Hiria gauaren lozorrotik iratzarriz zihoan, urduri eta geldiro, eta bizitzak berriro ere bor-bor egiten zuen, dinosauro lokartuaren gorputzari erritmoa emanez.
Lantokiko ate aurrera atzerapenarekin iristeko ohitura zuen, baina bere arazoa aparkalekua topatzea zen, izan ere, zenbaitetan hogei minutu edo ordu erdi igarotzen baitzuen kaleetan zehar bueltaka eta bueltaka, hainbat ibilbide posibleetan barna, zortea bere bidean noiz gurutzatuko zain. Vigon, egungo edozein hiritan bezalatsu, gero eta ibilgailu gehiago eta berauek uzteko gero eta leku gutxiago dagoela egoera nabaria da. Aparkalekua izango da hiriguneen arazo handietariko bat etorkizunean, pentsatu zuen. Arazo esentziala, estrategikoa, korapilatsua batik bat Vigo moduko hirietan, biztanleria uholdeetatik abiatuz eratua, eta kale malkartsuak dituena bat-bateko jardun endemiko baten ondorio. Nahikoa da honakoa gogora ekartzea: Vigok XVII. mendearen bukaeran 389 biztanle zituen, 60ko hamarkadaren hasieran 120.000, eta egun 300.000 bat arima. Vigo lehen begirada batean hiri zail, gogor eta batik bat, hain berezi bilakatu izanaren arrazoietarik bat, baliteke historikoki desorekatua den bat-bateko hazkuntza hau izatea. Idazlek bere jaiotze-hiriari behin batean idatzitako poema bat gogora ekarri zuen: “Neure hiriak akats ugari ditu. Bere milaka zaraten artean, sirena batek jotzen du. Eta badakit zuhaitzak falta direna. Eta ez dago parke luzerik, trenak eta pertsonak elkarrentzat arrotzak diren bezala. Txoriek alde egiten dute ez dagoelako isiltasun motelik eta eraikinek hegaldia urtzen dietelako. Baina nik maite dut neure jaiotze-hiria baita”.
Azkenik, Idazlek ordu laurden beranduago aparkatu zuen eta bere lanaldiari ekiteko prest jarri zen. Berak dezente erlatibizatzen zuen kontua bazen ere, jakin bazekien bere lantokia hirian kultur erreferentea zena (eta baita herrialde osoan ere), eta sarritan erotizaturiko lekua zena, nolabaiteko lizunkeriaz begiratua. Zorionez, libido, ahots eta harrokerien iman zen lantokiaren ezaugarri hau hiriaren nortasun gogorrak beronen dinamismoan barrena (goiztiar den hiri honek gutxi erreparatzen baitie halako kontuei) urtzera zeraman. Baliteke, lanbide horixe bera beste hiri galego batera aldatuz gero, urakan obsesibo baten mesedetara makurturiko txanela deserosoaren modukoa izatea. Baina Vigo umotu eta modernoaren mugak berak interferentzia mota hauek iragazten zituen berezko horma zen.
Lanetik atera zenean agudo joan zen kafetegi batetara bazkaltzera, izan ere, ordubete barru Unibertsitate-esparruko ekimenetan antolaturiko hiriaren inguruko solasaldi batean esku hartu behar baitzuen. Bera, Vigon jaio arren bere bizitzaren lehen urteak barnealdeko herrixka batean igaro bazituen ere eta bere haurtzaroaren epe luze bat itsas-herrixka batean igaro bazuen ere, kulturaz, formakuntzaz eta kokalekuz zeharo hiritarra zen. Eta orain larruazalean eraikinak hazten zaizkio, hain bat-batean, eta hatzetan auzoak. Zantzuak argiak ziren. Hau da, Idazle hiritarra zen, baina ez urbanita, ezagutzen zituen beste pertsona batzuen modura. Berak ez zuen hiriarekiko dependentziarik, eta ez zuen hura behar bere bizitzaren garapenerako. Hori bai, bere izakeraren eraketa eta mundua hautemateko modua ere kultura hiritarraren parametro sakonen pean gauzatzen zen, gaur egun nekazal eremua ere biltzen zuena, milaka kilometro lurrean barrena. Izan ere, Vigon hiritar eta landatar parrokiez mintzatzen zenean, azken hauek Vigon egongo ez balira bezala, ironizatzeko joera zuen. Berak ez zuen zalantzarik, esentzian guztiak berdinak ziren, vigoar “landatar” parrokien tipologia oso hiritarra baitzen eta bertako biztanleen lan-jarduna eta ohiturak ere hiritarrak dira ezbairik gabe, izan ere, hiriaren eta beronen industria-izaera eta zerbitzuen menpean baitaude. Arazo hauen inguruan gogoeta ari zela, Idazlek bere pertsonaia hura gogora ekarri zuen: Cabraleko emakume xarmagarri hura, Vigoko erdiguneko farmazia batera zihoan errezetarik gabe bere txerrientzako voltarén kaxa baten bila, hauek sendatu asmoz. Pasadizoa alde batera utzita, oro har, egungo mendebaldeko gizarteotan kulturak izaera hiritarra du, baita nekazal habitat batetik datorrenean ere, besteak beste honako hauen ondorio izanik: hedabideen eragina, ohituren berdintzea, tradizioaren galera, gustuen estandarizazioa, ekonomia eta kontsumo-gizartearen globalizazioa, aisialdi molde berrien ezarpena. Solasaldian egingo zuen esku-hartzeari begira kontuok berrikusten ari zela (sarritan deitu ohi baitzuten horrelako kontuetarako), Idazlek Jaureguizarren behiak ekarri zituen gogora, beste hainbat hitzaldi eta solasalditan sarri egin bezala. Kontalari galego honek bere erlatu onenetariko batean honakoa kontatzen du:  behiek herrixka batetako etxe baten leihoan barrena burua sartzen dute telebistan CNNa ikusteko asmoz, nahiz eta gaixoek ez duten ezer ulertzen, ezaguna den bezala, CNNa inglesez ematen baita. Idazlek bere golkorako irri egin zuen. Gaur hiria gugan da, gu garelako hiria, esan zuen. Gure esentziak zizelkatua da. Honela, egungo mendebaldeko idazleak funtsean hiritarrak dira, baita nekazal eremuetan bizi direnak ere. Hiritarra izatea, azken batean, norberaren bizilekuaren araberakoa izan ordez, moldatu gaituen kulturaren araberakoa da. Eta arazoa ez da hainbeste hiriez mintzatzea, baizik eta, metaforikoki, hiritik mintzatzea, nahitaez bizitzea egokitu zaigun garai eta gizartearen seme-alabak baikara. Eta geurea sakonki hiritarra da.
Hau gosea. Idazlek bere plater konbinatua bizkor irentsi eta bere autoaren bilaketari ekin zion unibertsitate-campusaren norabidean hiria zeharkatzeko, kanpoaldeko muinoren batean kokatua. Lehenik, handik irten behar zuen, baina benetako eragozpena zen hori, puntako ordua baitzen eta zirkulazioa erabat moteldua baitzen. Hirian, auto-ilarak txingurri-ilara modukoak dira. Baina ez da kartoizko pazientziadun gidaririk. Honela, zirkulazioaren trinkotasunaren eraginez autoan ernegatzen zen bitartean, irratian errezitatzen ari zen bertako poeta baten ahots karrankaria entzun ahal izan zuen. Radio Ecca zen irratia: “Hiria piku-odolezkoa da. Neure gorputzaren epizentrura iristen diren kristalezko oihuak sortzen ditu. Bertan bizi garenok menda erpinak ditugu eta semaforoak oinazez irakiten sentitzen ditugu. Orduan kaleek mintzen dute eta goilaren modukoak direla dirudi, hain bitxiak”. Hau poema kaskarra, pentsatu zuen.
Solasaldi normaltasunez igaro zen, ohiko esku-hartzeak egin zituztelarik partehartzaile guztiek, baita berak ere. Nola edo hala, azkenean publikoak eztabaida oso interesgarriari bide eman zion. Zoritxarrez, vigoar askok bere hiria modu ezkorrean baloratzen zutela nabarmendu zen, bizigaitza, oso gogorra eta erakarpenik gabekotzat zuten, bai bertako biztanleentzat bai literatur jardunerako, noski. Izan ere, Vigon fikziozko kronika oso gutxitan kokatu izan da, baina Idazleren ustetan honek ez du zerikusirik hiriaren izaerarekin, -baiki jada Martín Códaxek literaturara bildu zuena Erdi Aroan-, literatura galegoaren eragile historiko eta bere tradizioaren indar zentrifugoarekin baizik. Berak, Vigo bere liburu askoren giro naturaltzat zuena –bakarra ez izan arren-, hiria irrikaz defendatu zuen. Batzuetan, autobaliogabetzearen, autoezeztatzearen gaixotasun psikologiko arraro hori pairatuko balu bezala argudiatzen zuen, agian herrestan daramatzan zenbait aurreiritzi historikok eraginda. Hori dela eta, oso esanguratsua da inkesten arabera Vigo izatea bertako biztanleek okerren balioztatzen duten hiri galegoa. Idazlek onartu zuenez, bertako biztanleek hiriaren ukitze urratzaileak egunero irenstear dituela sentitzen dute, zakarki jaurtikiak baitira bere erraietako metal zurrunaren aurka, zenbaitetan hain ankerra den metal hotz horren aurka, historikoki iraunkortasunez urbe desitxuratua moldatu zuena. Baiki, Vigon goibelki espekulazioa nagusitu zaio bizigarritasunari, pertsonei, inguruneari, bizitzari berari. Filmografia berriak (Lena, Los lunes al sol) hirian gogortasuna bilatu zuen, eta bide batez, gogortasun honetaz harro dabil. Normala da: bere eszenatoki literario hoberena izan daitekeena, itsasadarraren mikrokosmos zoragarria, hiriaren leku gehienetarako ezkutuan dago.
Dena den, Vigo ere hiri irekia, dinamikoa, autokritikoa, solidarioa da, gainditze eta hobetze gaitasuna duena gutxik bezala. Hau ere neure hiria da, defendatu zuen Idazlek: era berean ederra, iluna eta dirdaitsua den lekua, ingurune pribilegiatuduna, kale bereziak dituena, leku erakargarriekin, nahiz eta birmoldatzeke, berpizteke egon, izakera gogorra duena, kontraste handikoa, aurrerakoia, bokazio kosmopolita duena. Baina bertako biztanleei kosta egiten zaie hiriaren soslai atsegina onartzea. Orduan Idazlek bere golkorako aspaldi idatziriko poema bat errezitatu zuen buruz: “Hiria hondarrezko munstro baten modura odolustutzean, dorpeki gorri, bere kale-gorputzaren gainean eztul egiten du. Hiri gaixo eta aztoratu, malkartsu zure zainetan odola galtzen duzun hori. Zein indarrarekin ari zara taupadaka?”.
Vigo, nolanahi ere, ez da munduaren erdigunea, ezta Galiziako erdigunea ere, baina bere buruzagitzarako bokazioak, bere gizarte zibilaren izaera grinatsu, dinamiko eta partehartzailea (hiri gutxik jasan ahalko luketen mobilizazio gaitasunarekin), bere biztanleen mugimendu indartsua eta bere asoziazionismoaren indarrak Europa hiririk bizienetarikoa egiten dute eta etengabe hitzarmen sozialak gobernatzera behartzen du. Horra hor hiri honen handitasuna. Vigo irakiten ari da, irrikaz baikor eboluzionatuz doa. Eta, edozein idazlerentzat, hori iturri bat da, bentako pagotxa literarioa. Vigo, defendatu zuen Idazlek grinaz, oraindik ere birsortzeko gaitasun anitz duen hiria da, baita literarioki.
Ekitaldia amaitzean, Idazlek nahiago izan zuen bere etxera itzuli eta gonbidatuei eskaini behar zitzaizkien pintxo eta alvariño ardoa hartzen ez geratzeko desenkusatu egin zen. Bere autoa hirirantz hurbildu ahala, Vigori mendi arteko ibarrean etzan eta arritmiaz taupadaka, modu dardartiz uzkurtu eta luzatuz, dabilen erraldoi dorpe baten itxura hartu zion. Bere irudi malkartsua desitxuratuz joan zen autoak errepidean aurrera egin ahala urbeak irents zezan. Cabraleko eremu altutik ikusita, hiria odolustutzen ari den gorputza zirudien. Beti izan zuen inpresio hori eta izua sorrarazi zion beti. Autotik hor behean eraikinen formek asfalto eta zementuzko gorputz baten arteria saminduak zehazten zituztela ikusi zuen.
Cantabria kaleko bidegurutzera iristean iritzia aldatu zuen eta bere etxera joan ordez autoan jarraitzea erabaki zuen. Itsasoa ikusteko gogoa zuen, hartara, Rande zubia zeharkatzea erabaki zuen eta itzulia eman Morrazoko irteeratik. Tarteka itsasoak sorgin zezala behar zuen, eta haizaturiko Rande ideiak airatzeko leku aproposa zen. Itsasadarra bere lanetan mikroespazio literario aipatua zen, baina orain ez zebilen inspirazio bila, baizik oxigenazio bila soilik. Idazlerentzat, itsasadarra espazio magikoa zen, topifikatu gabeko topikoa, Illas Cíes-ek balizatzen zuten eszenatoki garbia, erromatarrak zerutik hurbilago sentitzen zireneko leku hori; Illa de San Simón-en amaieran literatura unibertsaleko bitxi bat babestu zuen: Meendiñoren kantiga. Gainera, itsasgizonek Prestigen uholde beltzaren garaian haginkadaka defendatu zuten itsasadar horrek, Idazlerentzat botere miragarria zuen, magiazkoa: pertsonaiak bereizten ditu, definitzen ditu eta gorpuztu eta izakera ematen die esparru hiritar batean, bertan pertsonaia garaikideak, hain banako, hain moderno, urbeak itoarazi baitzituen, gaur egun tokian tokiko estereotipoak desagertu baitira eta soilik estereotipo unibertsalek irauten baitute europear kulturaren, mendebaldeko kultura hiritarraren paradigma gisara. Hau da berdintzea, eta bertatik itsasadarra alboratu egiten da, salbatuz. Itsasadarra natura-eszena errepikaezina da, bere bazterretan itsasoarekiko muga zedarritzen duten hiri-pilaketa zabalek eutsia, gaurdaino fikzio literarioak oso gutxi erabili duen espazioa izanik.
Itsasadarraren beste bazterrera iristean, Randeren zubia zeharkatu ondoren, Idazleri hiria beste bat iruditu zitzaion. Vigo handik New Yorken antza zuen. Larunbateko filmetan bezala. Eta irri egin zion, aurrez aurre, zinikoki, eder eta harro, bere oinazeen hiria, irenstear zuena.
Orduan, Idazlek Lola emakumean pentsatzen du, egunero itsaso hori zehartzen duena, bere ohikerian, bere etsialdietan, bere emakume egoeran eta begirada Cangaseko txaluparantz zuzentzen du. Bere ahotsak, emakumearenak, oihartzun egiten dio, elektrodo baten gisa, burmuinean: “Itsas harrotua. Antxetek brankaren gainetik hegaka dabiltza. Vigok oin izoztuak irensten dizkit eta negua gona azpitik barneratzen zait. Egunak, nazkagarri horrek, bere ohikeriari ekiten dio. Cangas desitxuratu egin da, buru atzean. Neure mihiari gatz zaporea dario eta artean semen zaporea ere. Neure gizona irudikatzen dut, lotan, itsasontziak portura hurbiltzen nauen bitartean. Eraikinen erpinak hodei artean begiak pedramolez estaltzen dizkit. Guzti-guztia da ederra eta ikaragarria. Babes bakarra sutondoko berotxoan zain dut”.
Gero, gesalaren zaporea begietan sarturik duela, Idazle etxera itzuli zen. Jada gaua zen kasik. Afaria egiteko gogorik ez zuenez, hozkailutik zerbait egina hartu zuen, mikrouhin-labean sartu zuen eta sukaldean afaldu zuen, goiko pisuko bikotekideen liskarra entzuten zuen bitartean. Ez zituen bizilagun horiek ezagutzen, berriak ziren. Egia esateko, ia urtebete zeramaten eraikinean bizitzen, aurrekoek alde egin zutenetik –destroyer erako bi haurtxo zituztenak-, baina inoiz ez zuen haiekin portale edo igogailuan topo egin, edo topo egin bazuen ere, ez zuen asmatu haiek zirenik, eta beraz, oraindik ez zuen haien aurpegia ezagutzen. Ondoko bizilagunak, esaterako, gehiago ezagutzen zituen entzuten zuten musika eta telebistako programen bitartez elkartrukatzen zituzten hitz urri zenbaiten bitartez baino. Gainera, komunitatearen bileretara joaten ez ziren horietarikoak ziren, nahiz eta bera ere gutxitan agertu ohi zen. Goikoak gero eta sutuago eztabaidatzen zuten ate-kolpe erabaekoa antzun zuen arte. Idazleri bizilagunen zaratek enbarazu egiten zioten, baina entzuten ez zituenean nolabaiteko babesgabetasuna sentitzen zuela ere ohartua zen: tarteka bere buruari galdetu egiten zion, irrigarri, isiltasunak izua sorrarazten ez ote zion.
Afaltzen amaitu eta portatila piztu zuen. Ez zuen idazteko dohain gehiegirik sentitzen. Abiatu aurretik, leihora hurbildu zen eta sudurra kristalaren aurka zapaldu zuen. Jada gau itxia zen. Eraikin guztietan leihoak itxita zeuden eta pertsianak jaitsita. Zenbaitetan pertsonak hiri batean zeharo bakartiak senti daitezkeela iruditu zitzaion. Pisu haietariko bakoitzean istorio particular bat egon zitekeela irudikatu zuen, bizitza ezberdinak, edo antzekoak, beharbada maitasunminak jotako norbait, haurtxoren bat negarrez, gizon bat emakumea kolpatuz, arima bakarti bat, agian etsita dagoen norbait, nork daki baliteke bere buruaz beste egitear egotea, pertsona gaixoak, agian bere azken arnasa hurbil dutenak, zoroak, agian filmetan ageri diren moduko eskizofreniko arriskutsua gortina atzean zelatan dabilena, gainerakoen bizitzei isilik so eginez, bikoteak hika-mika, oihuka, parketa gora-behera ezbaian edo maitasuna eginez, milaka ezkutuko desiratan urtuz. Honek guztiak liluratu egiten du, baina era berean ikaragarri beldurtzen zuen. Batik bat, bizitzari nolabaiteko izua diolako, eta are gehiago, gauari begirune ikaragarria diolako. Gaua, Idazlek oso ondo ezagutzen du. Izatez, berari buruz idatzi zuen. Gauak sututzen, kaiolaratzen du, baina era berean irentsi egiten du, banpirorazten du eta higatu egiten du bizi den hori. Berak ondo zekien  gaua, hiri-oihanaren eszena kontrolaezin hori, benetako elefante-hilerria izan zitekeela.
Ordenagailuaren aurrean jarri zen eta bat-batean zoraldi sortzailea sartu zitzaion: oraintxu idazten ari zen Vigostreet-en testuak albo batera uzten zituen, izan ere, une hauetan Galizia gerrarako prest baitzen. Eta bera, Idazle, honelako gertaera baten lekukotza utzi behar zuen.